"Joanes artzaina naiz, 2013an gaude eta oraindik ongi gogoan daukat ETVk 2006an ezjakinoi egin zigun propaganda hura: 2050erako etxe domotikoak izanen direla nagusi eta errege, Gasteiztik Donostiara ordu erdian AHTarekin, e.a., e.a.
Kaka zaharra!: etxe domotiko mordoak lurra jo dute ..."

Jon Arano idazleak "2013"-an idatzitako ipuna:

Joanes artzaina naiz, 2013an gaude eta oraindik ongi gogoan daukat ETVk 2006an ezjakinoi egin zigun propaganda hura: 2050erako etxe domotikoak izanen direla nagusi eta errege, Gasteiztik Donostiara ordu erdian AHTarekin, e.a., e.a.

Kaka zaharra!: etxe domotiko mordoak lurra jo dute edo erre dira, baserriak ez bezala, erokeria bat zirelako; eta bide huts, etxe huts gaude oraintxe. Nafarroatik hona Lizarrusti txikitu eta Arkaka eta Abali inguruan (altuera horietan!) zubiak egiten hasi eta Aralar zulatzen ari diren honetan, XX. mendeko "Celosamente gordea" istorio futuristaz gogoratzen naiz ("Ninchen un niño etorri senean la Nueva Era, eta todo hasi sen a isan diferente..." esanez hasten zena): gure lur gaineko monumentuak, izadia, bizitza, eta azpiko Agarthako munduko mitologia, `Euskaldunon Altxor ezkutua´... denak pikutara doaz.

Dagoneko oso zaharturik, hiltzen ari naiz eta oinazpian lurra jiraka dabilkit. Ikustekoak ez dakit, baina ikusitakoak latzak izan dira: Donostiatik Gasteizerako Monstruoahta 2007an Itsasondora iritsi zenean Artzain Ona katedrala kabitzeko moduko zuloak aurkitu zituzten bertan. Malkorre, Mendibil, Larregi eta Ixarreko arbel mina zuloak ziren, 100 urteetan zulatutako mehatzeak.

Zundaketa fidagarririk ez da hor, meatze galerietako planurik ez zen, eta komeriak... Munstroak, Korrekaminosaren atzetik doan Koiote amildu eta estanpatua zirudien. Kilometroetako tunel barruetan zubirik egiterik ez zegoenez, bertako Jauntxoen Alderdiko mitxelin batzuk beldurtu eta guzti egin ziren, zulo haiek hondorik izanen ez ote zuten; halere,urez betetako putzu erraldoiak hustu, harriz bete eta eginen zutelakoan zeuden Faraoi Berriak.

Baina, "pizarra", pitz-arri, pitzatzen den harritik dator, ez da lur irmoa, kolokan jarri liteke... eta dena kolokan jarri zuten muturreko dinamitero batzuk. Aurrekontua biderkatu (hamaikakoiztu) egin zen, baina Amaeuroparen diruz, egin egin zen. Munsterraht-aren aurkakoak lau zoro edo katu izan baitziren eta karakolaren estrategiarik martxan jartzen ez baitzuten asmatu, edo gehiengoak ez baitzien segi. Jendea `ondotxo´ bizi zen kuanto, euren auto eta etxeekin, balizko ezkerra ere ez zen busti, eta eskerrak Erakundea ez zen sartu tartean. Hori bai, gazte jendeak larrutik ordaindu zuen.

Azken guda dantza jesukristoren desgraziko 2013 honetan izanen da. Gogoratu nahi ez nituen egun eta urteen berri eman dut. Orain hiltzera noa jentilen antzera eta berdin zait; erran gabe doa malkoak euri azidoaren tantoekin nahastuko direla eta dena galduko dela, alferraren indar gaitza, gizonezkoen titi inplantatuak, itsasoko euri galipotezkoa edo basoko egur ez-birziklatuaren gisara.

Axola didana: Beldurraren Haizeak txistu jo eta logale den insome honi diola loa galarazten. 2050an, hilerriak ere ez dira libratuko: ijitoen kanposantua ere azpian harrapatuko du "zibilizazio" talkak, eta bertan gu!

Jon Arano
Jon Arano-k idatzitako SuperTuneladorak testua ere dago weblog honetan.