Logotipo de la Asamblea contra el TAVAHTren Aurkako Akanpada uztailaren 21etik 30era Urbinan egingo da obren hastapenari oposizioa egiteko

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Aurkako Asanbladak ekainaren 10ean AHT GELDITU! Elkarlanak Donostian eratu duen manifestaziora bitzeko dei egiten du, "Euskal Y"aren inposizioa gaitzetsi eta ingurugiroan nahiz gizarte arloan kalte larriak eragingo lituzkeen AHTren proiektua gelditzea exijitzeko.

Datorren abaguneak AHTren aurkako borrokarentzat duen garrantziaz ohartuta, mobilizazio honetan jende ahalik eta gehiena biltzeko dei egiten dugu gainera, larunbatean arratsaldeko 5'30etan Anoetako estadiotik abiatuta. Horrekin batera, Asanblada honek urtetik urtera antolatu duen AHTren Aurkako Akanpada uztailaren 21tik 30ra Urbinan egingo dela iragartzen dugu (Legutiotik hurbil dago Arabako herrixka hori), obren hastapenari oposizioa egiteko eta borrokaren autoorganizazioa eta koordinaketa bultzatzeko. AHTren aurkako akanpada honetan gizarte ereduarekiko jaerduera kritikoak eta erresistentzia ekintzak uztartuko ditugu. Hori dela eta, egungo gizarte eredu txikitzailea eta esplotatzailea eraldatzeko mugitzen diren pertsona eta talde guztiengana heldu nahi dugu, AHTren aurkako herri mugimendua sendotu eta Euskal Herri osora hedatzeko, ea horrekin lortzen dugun kalte ekologiko izugarriak eragiteaz gain gizarte ereduan egundoko eragina ekarriko lukeen proiektu erraldoi horren inposizioari aurre egitea. Uste dugu behar-beharrezkoa dela AHTren aurkako oposizioak bai indarren metaketan eta bai ideien borrokaren arloan ere aurrera egin dezan, ekimen eta oposiziobide berriak eztabaidatzea.

"Eztabaidak atzean utzi eta obrak egiteko garaia da", esan zuen Garraio sailburuak AHTren erakuntza-lanen negozio itzela Espainiako gobernuarekin banatzeko ituna izenpetu eta berehala. AHTren hitzaremen horren atzean hormigoiaren negozioa dago, eta gainera, aipagarria da konnotazio politiko nabariak dituela, "AHTren itunak euskal nazionalismoaren sektore paktuzaleenak indartu"" baititu. Izan ere, obraren 4.200 milioi euroak Estatuaren Aurrekontuetatik aterako dira osotasunean, antza denez AHTren proiektua Europako diru-laguntzarik gabe gelditu delako. Hartara, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako zatien eraikuntza egiteko aurreratuko duen finantziazioa ere Espainiako Sustapen Ministerioak ordainduko du azkenean, Kupoaren deskontuak direla medio. Baldintza hauetan, AHTren finantziazioa tresna ezin egokiagoa da Estatuarentzat, Eusko Jaurlaritzaren gaineko kontrol politikoa bermatzeko. Horren trukean, Jaurlaritzak Espainiako Sustapen Ministerioari kolaborazio osoa eskeiniko dio AHTren inguruan herritarrenganako "informazioa" eta Udalen jarrera kontrolatzeko, "ahalik eta kontsentsu zabalena" lortu asmoz. Honi dagokionean, argigarria da "El Diario Vasco"ren editorial batean irakurritako hau: "Obraren gestioa ez da guztiz baketsua izango. Interes partikular eta kolektiboei eragiten die, eta ingurumenari kalte nabarmena egiten dio. Bi gobernuek ahaleginak egin beharko dituzte horren ondorioz sortuko diren gatazkak kudeatzeko. Hortarako ezinbestekoak izango zaizkie Udalen kolaborazioa eta komunikazio politika eraginkorra sustatzea. Jendeak ulertu beharko du proiektu honetan gizartearen interes orokorra dagoela jokoan". Bada, aipamen honen harira, Garraio sailak duela gutxi beste 600.000 euroko esleipenak egin dituela salatu nahi dugu prentsa, irrati eta telebistan iragarki gehiago emateko, baita bere azpiegitura-politika zuritu nahian "Iraunkortasunari" buruzko txostenak prestatzeko ere. Edonondik begiratzen zaiola, garai zailak datozkigu eta herri mugimenduak gogor ekin beharko dio inposaketari aurre egiteko eta Jaurlaritzaren erretorika eta propaganda desmontatzeko. Helburu hori aurrean, AHT geldiarazteko borrokan indar guztiak biltzea eta mugimendu zabal bezain askotarikoa bultzatzea ezinbestekoa da. Indarren bateratze hori ez da oztopo "Tren Sozialaren Sarea"k kaleratu dituen planteamenduei buruz gure jarrera kritikoa adierazteko; kritikoa, batez ere, gure irudikoz AHTren atzean dagoen gizarte ereduari buruzko eztabaida saihesten duelako. AHTren kontrako oposizioak kapitalismoari kritika erradikal bat egitea eskatzen du ordea. Mugarik gabeko "aurrerapena" eta "garapena"ren mitoak berea egin du, eta AHTren aurkako borrokaren berariazko zentzua txikizio ekologikoarengatik jendartean areagotzen ari den kezkan eta gizartea eraldatzeko nahikundean atzematen dugu. Hori denagatik, datorren ekainaren 10ean, larunbatarekin, Donostian egingo den manifestazioarekin bat egiteko dei egiten dugu, AHT gelditzearen aldeko sentsibilitate eta arrazoi guztiak elkartuta. Eta, halaber, Urbinako Akanpadan parte hartzeko animatu nahi dugu, bertako bizilagunen oposizioarekin bat egiteko eta AHTren aurkako borroka desarrollismoarekiko ikuspegi kritiko batekin hedatzen segitzeko.