Kontua da, ez dakit
legenda urbanoa ote den ala ez, zera esaten zela orain dela urte batzuk:
Arzalluzek bere erlojua eskuineko eskuan loturik zeramala, eta hori Arriortuari
eginiko promes bati zor zitzaiola, eta ez zuela eskuz aldatuko harik eta Zornotzan
lehen harria ipini zuten zelai tzarrean autoen faktoria egin arte. Lerro zuriko
autoak egitea zuten xede bi sozio hauek, milioi pezeta inguruko automobil
ekonomikoak izango ziren, merkatua jango zutenak, eta, Bizkaiko langileak
enplegatuz, aldi berean euren Alderdiko bezeroak segurtatuko zituen negozioak.
Ondo lotu zuten operazioa, ziotenez.
Asuntoa da, Arriortua
espioitzat salatua izan zela, eta bere aurreko enpresaren eta hurrengo beste
estatubatuar baten artean saltsa latzak
montatu zituztela urte batzuetan; bere lantoki edo probaleku berria utzi behar
izan zuen eta hitzaldiak ematen hasi; predikamendu handia izaki, askok eskatzen
zituzten haren aholkuak, baina auzitik auzira zebilen eta bazirudien
kartzelan-edo bukatuko zuela. Istripu
latz bat izan eta oso gaizki gelditu zela, horixe izan zen beretaz entzun
genuen azken gauza. Geroztik ez gara fijatu Arzalluzek zein eskumuturretan
lotzen duen erlojuaren uhala, baina badirudi Amorebietako faktoria bertan
behera geratu zela.
Handiena duela urtebete
ere ez dela irakurri genuen (ezkerreko izateko susmagarria ez den) “D.V.”-n: gure
N-1-ean 90etako, demagun, egunero 5.000 kamioi ibiltzetik 2000-etan
10.000tik gora ibiltzeko `kulpantea´
SuperLopez izan zela zioen berriak, luze. Agidanez, berak eta
Wolkswagenek Europako hainbat hiriburu eta hirietan biltegiak ez edukitzea
erabaki zuten, eta euren kamioiak izatea biltegi-ibilgailu erraldoi, errepideak
josiz... Laster eguneroko 15.000 edo 20.000 kamioi/eguneko ibiliko omen dira
gure errepideetan, baina, aldekoek diotenez, AHTren merkantzia garraiolari
berriarekin kopuru hori murriztuko omen digute. Sinestezina baina gezurra.
Arazoa da, aurrena premiak sortzen dizkigutela eta gero “soluzioak” jarri. Goitik,
beti. Hurrengoa, ez da kontua, garabiekin ibiltzen den lagun batek kontatu
zidan. Madrilgo M-30 egiteko erabili diren tuneladoratzarren moduko batekin
(Europako handiena den milioika kilo eta tonatako, bi zentzutan, makinatzar
luze eta zabalarekin) aritu dira zulatzen Madrilgo metroaren adar berri bat,
(erdigunean zituen egoitzak saldu eta eraiki berri duen) Telefonicako
egoitzaraino daramana, hain zuzen.
Alcobendasen, Mostolesko Supremen herrian ez,
baino Alcobendasen (badakizue, 80etatik gaur arte iraun irauten duen “Tarzan y
su puta madre buscan piso en Alcobendas punk-rock talde mitikoaren
herri-auzoan). Hondeatze lana bukatu dute eta, tuneladora desmontatzea
garestiago ateratzen zenez, zer egin jakin ez horrekin, eta metro-adarraren
saihetsean beste zulo bat egin espresuki eta hantxe lur eman omen diote
tuneladora horri.
Hondamendia hondamendi gainean. Edo azpian.
Erabili eta bota. Sator mekanikoak bere lana egin du eta bertan lurperatu:
total, “lur azpian bizitzarik ez dagoenez”!
Lehendik kalte gutxi egin balu bezala...! Biharko eguneko gizarteak
nahiko lan izango du bizitzen, arnasa hartu eta ura edateagatik ere ordaindu
beharko dute, eta nahiko lan izango dute halaber bihar-etziko
industria-arkeologoek ere. SuperLopez eta AHTren ama guztiek kulparik ez badute
ere, haiekin akordatu behar dira gure ilobak!
Jon Arano





02/06/2006, 23:23
Etorkizuneko Oroitzapenak ipuina ere gustatuko zaizue. Jon Aranok idatzia, weblog honetan dago.
02/06/2006, 23:26
.